Arrakastaz amaitu da Berriozarko Liburutegiarekin elkarlanean egindako "Historia sentitzea" proiektua

2024/03/26

Koliseotik ihes egiten duten lehoiak, suaren aurkikuntza, greziarren eta persiarren arteko gerrak, hilketak eta traizioak Antzinako Egipton...

Hori guztia eta askoz gehiago bizi izan zen joan den martxoaren 6an Berriozarko Liburutegian, DBHko 1. mailako A/G ereduko ikasleek idatzi eta antzeztutako antzerki laburretan.

Horrela amaiera artistikoa eman zitzaion aipatutako Liburutegiaren eta Historia Sailaren artean egindako "Historia sentitzea" proiektuari. Ekimen hau urtarrilean hasi zen, neska-mutilak, taldeka banatuta, hiru astetan zehar liburutegira joan ziren Historiaurrea, Egipto, Erroma eta Greziari buruz dokumentatzeko.

Informazioa lortu ondoren, otsailean zehar tramen garapena landu zuten klasean, pertsonaiak asmatuz eta antzezlanak antzezteko gidoiak idatziz.

Ordubete baino gehixeago iraun zuen emanaldiaren ondoren, hainbat kategoriatan (drama onena, komedia onena, jantziak, ikusleen saria...) antolatutako sari banaketa ospatu zen.

Hemendik, eskerrak eman nahi dizkiegu Marga eta Cruzi, Berriozarko Liburutegiko teknikariei, proiektuaren fase guztietan parte hartzeagatik. Eskerrik asko!