Bizikidetzarako Jokabide Larriak

Definizioa

1) Oro har, Bizikidetzarako Larriki Kaltegarriak diren Jokabideak (BLKJ) dira, Bizikidetza Araudian agertzen direnetatik ikastetxeko ohiko elkarbizitza larriki nahasten dutenak. Zalantzazko kasuetan edo jokabidearen edukiaren arabera, Zuzendaritzari dagokio behin betiko tipifikazioa egitea. Nolanahi ere, honako hauek BLKJ gisa hartuko dira:

a) Irakasleen edo haren agintearen aurkako edo hezkuntza komunitatekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kideen aurkako irainak, kalumniak, ofentsak, isekak edo umiliazioak, haien aurkako indarkeria fisikoa edo bestelakoa eta, halaber, haienganako jazarpen eta hitzezko edo egitezko jokabideak, bereziki alderdi sexista, arrazakeriazkoa edo xenofoboa badute edo pertsonen sinesmen edo konbikzio moralen aurkakoak badira, edo dituzten ezaugarri pertsonalen, ekonomikoen, sozialen edo hezkuntzakoengatik ahulenak diren pertsonen aurka egiten badira.

b) Eskolaldiko edo hezkuntzako jardueren barreneko testuak, irudiak, soinuak eta abar grabatzea zuzendaritzak baimentzen ez dituen erabileretarako, baita pertsonen bizitza pribatuarekin zerikusia duen edozein eszena grabatzea ere.

c) Aurreko atalean adierazitakoak baliabide elektronikoen bidez edo beste baliabide batzuen bidez hedatzea.

d) Ikastetxeko instalazioak, materialak edo dokumentuak, eskolako garraiobideak edo bisitatzen diren lekuetako ondasun edo instalazioak nahita hondatzea, baita hezkuntza komunitatekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten gainerako kideen gauzak ere, kaltea larria denean.

e) Asmo txarrez eginak izateagatik, hezkuntza komunitatekoak diren edo haren zerbitzura jarduten duten kideen osotasun fisikoarentzat arriskugarriak izan daitezkeen portaerak.

f) Ikastetxeko langileei gezurrak esatea edo informazio faltsua ematea nahita, horrek hezkuntza komunitatekoa den edo haren zerbitzura jarduten duen kideren bati kalte larria eragiten badio.

g) Ikastetxeko gauzak edo edozein pertsonaren gauzak lapurtzea.

h) Ekitaldi akademikoetan beste pertsona baten itxurak egitea eta agiri akademikoak faltsutzea edo lapurtzea. Bereziki larritzat joko da azterketen ereduak edo erantzunen kopiak lapurtzea, eta haiek hedatzea, edukitzea, erostea edo saltzea.

i) BLKJ baten jakitun edo lekuko izatea eta Zuzendaritza Taldeari ez jakinaraztea.

j) Obedientzia ukatzeko portaerak, bereziki ezarritako hezkuntza neurriak betetzen ez direnean eta ikaslei ezarritako arauak bete behar dituztela adierazten zaienen, behin eta berriro desobeditzea.

k) Konstituzioan jasotako eskubide eta askatasunen aurkakoak diren edo terrorismoaren apologiatzat hartzen diren ikastetxean pintaketak edo idatzizko beste adierazpen batzuk egitea edo halako kartelak jartzea.

l) Ikastetxean edo eskola garraioan behin eta berriro tabakoa erretzea.

m) Ikastetxean edo eskola garraioan drogak kontsumitzea edo edari alkoholdunak edatea.

n) Ikastetxean edo eskola garraioan drogak banatzea.

ñ) Bizikidetza araudian aipatzen diren debeketuriko gauzak emateri uko egitea.

o) Bizikidetzaren aurkako jokabideak behin eta berriz hartzea.

p) Ikastetxeko jardueren ohiko garapena zuzenean galaraztera bideratutako edozein egintza edo jokabide oker.

q) Klasetik irtetea, behin hasita, irakaslearen bamenik gabe.

r) Ikasleak sinaturiko bizikidetza-konpromezuak ez betetzea.

2) Nolanahi ere, BLKJ bezala joko da beste ikasle bat bultzatzea aurreko idatz zatian bizikidetzarako larriki kaltegarritzat jotzen den jokabide bat hartzera.

Hezkuntza-neurriak horrelako jokabideen arurrean

1) Eskola ordutegitik kanpo, hezkuntza komunitatearen aldeko lanak egitea eta, orohar, instalazioetan, autobusetan, jantokian, materialetan, dokumentuetan edo beste pertsona batzuen gauzetan eragindako kaltea konpontzea.

​​​​​​​2) Jarduera osagarrietan edota eskolaz kanpokoetan parte hartzeko eskubidea etetea ikasturte osorako edo zati baterako.

3) Ikaslea maila bereko beste talde batera aldatzea behin betiko.

4) Irakasgai bateko edo gehiagoko eskoletara edo, ohiz kanpoko kasuetan, ikastetxera joateko eskubidea etetea, bi kasuetan hamabost eskola egunetarako gehienez. Etenaldia bitartean, ikasleak ezartzen diren prestakuntza jarduerak egin beharko ditu, bere hezkuntza eta ebaluazio prozesua eten ez dadin.

Horretarako, lan plan bat diseinatuko da. Irakasleek plan horretako jardueren segimendua eginen dute eta irakasgaien azken ebaluazioan kontuan hartuko dituzte. Era berean, ikasleak etenaldi horretan programaturik dauden ebaluazio proba objektiboak egiten ahalko ditu.

Gainera, ikastetxea jakitun bada, hezkuntza neurria aplikatzearen ondorioz, adingabe bat arrisku egoera berezian edo babesik gabe gelditzeko aukera dagoela, Zuzendaritzaren bidez, Bizikidetza Sareari (ikastetxeko Zuzendaritza Taldeak eta orientazio zerbitzuak, Berriozarko Udalaren Gizarte Zerbitzuak eta Osasunetxearen batera osaturik) horren berri emanen die.

5) Eskolako garraioa erabiltzeko eskubidea etetea hamabost eskola egunetarako gehienez, jokabidea eskolako garraioan hartu baldin badu.

6) Ohiz kanpoko kasuetan, ikaslearen jokabideak asaldura handia eragin baldin badio hezkuntza komunitateari, ikastetxeko Zuzendariak, Eskola Batzordeak ontzat eman ondoren, ikastetxe aldaketa eskatuko dio Hezkuntza Ikuskariari. Ahal bada, ikaslea eskolaturik dagoen ikastetxe sare eta hizkuntza modalitate bereko beste ikastetxe batera eramanen da.

Hezkuntza-neurriak ezartzeko ohiko prozedura

1) BLKJ guztiak eta haren ondorioak ikastetxeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaizkio. Zuzendariak edo, hala bada, haren eskuordetza hartzen duen irakasleak behar adina ikerketa edo jarduketa egiten ahalko ditu ekintza horrela tipifikatzeko, hala nola erantzuleak identifikatzeko eta ohiko prozedurari hasiera emateko, ekintzaren berri izan eta biharamunetik hasita hiru eskola eguneko epean gehienez.

2) Aurreko puntuan finkatzen den hiru eskola eguneko epea bukatuta, ustezko erantzulea edo erantzuleak identifikatu ez bad(ir)a, Zuzendariak edo, hala bada, haren eskuordetza duen irakasleak, Bizikidetza Araudian zehazten denarekin bat, egoki iruditzen zaizkion jarduketekin segitzen ahalko du haiek identifikatzeko eta prozedura hasi ahal izateko.

3) Ohiko prozedura hasiko da hasteko dokumentua ikasleari, haren amari edo aitari edo legezko ordezkariei eta instruktoreari ematearekin batera. BLKJ hori preskribituko da aipaturiko dokumentua ematen ez bada ekintzen berri izan eta hirurogei eskola eguneko epearen barrenean.

4) Aplikatzen diren kautelazko neurriak, halakorik bada, prozedura bukatu arte mantentzen ahalko dira. Ikasleak kautelazko neurrien pean ematen duen denbora aplikatzen den hezkuntza neurrian ezartzen den denboratik deskontatuko zaio.

5) Ohiko prozedurari hasiera emateko dokumentua Zuzendaritzak egin beharko du eta honako alderdi hauek jasoko ditu:

a) Neurri horiek aplikatzeko eskumena ematen dion araudiaren aipamen zehatza.

b) Prozedura irekitzea ekarri duten egintzak eta frogak.

c) Zuzendu beharreko jokabidea, hautsitako arauak, data eta tokia.

d) Inplikatutako ikaslea.

e) Tramitazioaren ardura duen instruktorea, ikastetxeak Bizikidetza Araudian ezartzen duen sistemaren bidez klaustroko kideen artean hautatua.

f) Aplikatutako kautelazko neurriak, halakorik bada.

g) Inguruabar astungarrien eta aringarrien azalpena, horrelakorik baldin bada.

h) Aplikatu beharreko hezkuntza neurriak, horiek hasteko eta bukatzeko egunak eta aplikatzeko baliabideak.

i) Alegazioak egiteko prozedura eta epeak, adieraziz alegaziorik aurkezten ez bada, egintzak frogatutzat joko direla eta prozedura hasteko dokumentua prozedurari bukaera emateko ebazpentzat hartuko dela.

j) Eskola Batozrdean erreklamazioak aurkezteko prozedura eta epea.

6) Aurreko puntuan aipatzen den dokumentuan, Zuzendaritzak proposatzen ahalko du prozeduraren tramitazioa 47/2010 Foru Dekretuaren 23. artikuluan ezarri bezala egitea, kontuan harturik aurretik hartan ezarritako salbuespenak.

7) Alegazioak, Zuzendariari zuzenduak, ikastetxean aurkeztuko dira, idatziz, prozedura hasteko jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi eskola eguneko epearen barruan. Idazki horretan, halaber, instruktorea errefusatzeko eskaera arrazoitua egiten ahalko da.

8) Errefusatzen den instruktoreak adieraziko du alegatutako zergatia baden edo ez. Errefusatzeko idazkia aurkeztu eta hurrengo eskola egunean, Zuzendariak horren gaineko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du.

9) Ezarritako epean alegaziorik aurkezten ez bada, egintzak frogatutzat hartuko dira eta prozedura hasteko dokumentua prozedura bukatzeko ebazpentzat hartuko da.

10) Nolanahi ere, eta aurrekoari kalterik egin gabe, BLKJ irakasleen aurkako kanpo erasoa bada, Hezkuntza Departamentuak zehazturiko jardutze-protokoloa jarraituko da.

 

Alegazioak eta prozeduraren ebazpena

1) Ikasleak, haren gurasoek edo legezko ordezkariek alegazioak aurkeztuz gero ezarritako epean, instruktoreak, bere agintea erabiliz, egoki iruditzen zaizkion jarduketak eginen ditu ekintzak argitzeko. Alegazioak aurkeztu eta bost eskola eguneko epean gehienez, eta alegazioak kontuan harturik, ebazpen proposamena prestatu eta Zuzendariari aurkeztuko dio. Proposamen horretan alderdi hauek jasoko dira:

a) Frogatutzat hartzen diren ekintzak eta hori egiaztatzen duten frogak.

b) Zuzendu beharreko jokabidea, hautsitako bizikidetza arauak, data eta tokia.

c) Inplikatutako ikaslea.

d) Aplikatutako kautelazko neurriak, halakorik bada.

e) Inguruabar astungarrien eta aringarrien azalpena, horrelakorik baldin bada.

f) Aplikatu beharreko hezkuntza neurrien proposamena.

Bost eskola eguneko epea luzatzen ahalko da, instruktoreak hori justifikatzeko arrazoiak daudela uste badu.

2) Ebazpen proposamena aurkeztu eta biharamunetik hasita bi eskola eguneko epean gehienez, Zuzendariak prozedura bukatzeko ebazpena emanen du. Bi eskola eguneko epea luzatzen ahalko da, Zuzendaritzak hori justifikatzeko arrazoiak daudela uste badu. Ebazpen horretan honako hauek adieraziko dira gutxienez:

a) Neurri horiek aplikatzeko eskumena ematen dion araudiaren aipamen zehatza.

b) Frogatutako egintzak eta zuzendu beharreko jokabideak.

c) Inguruabar astungarriak eta aringarriak, horrelakorik baldin badago.

d) Aplikatu beharreko hezkuntza neurriak eta, hala badagokio, horiek hasteko eta bukatzeko egunak eta aplikatzeko baliabideak.

e) Eskola Batzordean erreklamazioak aurkezteko prozedura eta epea.

3) Ohiko prozeduraren ebazpenaren berri ikasleari eta bere gurasoei edo legezko ordezkariei emanen zaie, idatzi baten bidez, non adierazi beharko baita ebazpen horrek ez duela amaitzen administrazio bidea eta haren aurka, aukeran, hurrengo atalan aipatzen den erreklamazioa edo bidezko errekurtso jurisdikzionala aurkezten ahalko dela, baita zein organotan aurkeztu behar den eta zein epetan.

4) Nolanahi ere, ohiko prozeduraren tramitazioa hogeita hamar eskola eguneko epean bukatu beharko da, prozeduraren hasieraren jakinarazpenetik hasita interesdunari edo, hala badagokio, familiari jakinarazten zaion arte. Bestela, prozedura iraungitzat hartuko da.

 

Erreklamazioak

1) Prozeduraren gaineko ebazpena jakinarazita, ikasleak, adinez nagusia bada, edo haren gurasoek edo legezko ordezkariek zuzendariaren erabakiaren berrikuspena eskatzen ahalko diote Eskola Batzordeari, jakinarazpena jaso eta bi eskola eguneko epearen barruan.

2) Hartutako erabakia berrikusteko, Eskola Batzordea bilkura berezia deituko da. Prozedurari bukaera emateko ebazpena eta erreklamazioa ikusita, Batzordeak zuzendariari proposatuko dio aplikatutako neurria berresteko edo aldatu edo baliogabetzeko.

3) Batzordearen proposamena hamar eskola eguneko epean egin beharko da, erreklamazioa jaso eta biharamunetik hasita. Eskola Batzordearen proposamena erabakia aldatu edo baliogabetzekoa baldin bada, proposamena jaso eta biharamunetik bi eskola eguneko epean, zuzendariak Hezkuntza Departamentuari hartutako erabakiaren legezkotasunari buruzko txostena eskatzen ahalko dio. Txosten hori hamar eskola eguneko epean egin beharko da. Zuzendariak bere ebazpena eman eta erreklamazio-egileari idatziz jakinarazi behar dio.

4) Jakinarazpen horretan adierazi beharko da ebazpenaren aurka bidezko den errekurtsoa, zein organotan jarri behar den eta zein epetan.​​​​​

Kautelazko neurriak

BLKJ baten aurrean, Ikastetxeko Zuzendariak ondorengo kautelazko neurrietako bat hartu ahalko du:

  • Ikaslea taldez aldatzea aldi baterako.
  • Eskola batzuetara edo ikastetxera joateko eskubidea etetea aldi baterako.
  • Eskolaz kanpoko jardueretara edo jarduera osagarrietara joateko eskubidea etetea.

Neurri hauek behin-betiko neurriak ezarri aurretik aplikatu daitezke eta prozedura amaitu arte mantendu daitezke. Ezarriko zaie bereziki, Bizikidetzarako Aurkako Jokabideak atalean zehazten diren a) eta d) jokabideak behin eta berriro gauzatzen dituzten ikasleei.

Adoztutako prozedura

1) Ikastetxeko zuzendariak arau-haustea egin duen ikasleari eta haren gurasoei edo legezko ordezkariei aukera emanen die prozedura adostuaren bidea hartzeko, inguruabar hauek betetzen badira:

a) Bizikidetzarako Larriki Kaltegarria den Jokabidea (BLKJ) aitortzea.

b) Kalteturik izanez gero, haiei barkamena eskatzea.

c) BLKJ bat egiten duen lehenengo aldia izatea, beti ere larritasunaren arabera.

2) Espedientea ezin izanen da prozedura adostuaren bidez tramitatu ondorengo kasuetan:

a) Inplikatutako ikasleari horrelako beste prozedura bat tramitatu baldin bazaio ikasturte berean.

b) Ikasturte berean, ikasleari aplikatu zaion hezkuntza neurriren bat ez bada bete.

c) Ikastetxeak zehazten dituen beste kasu batzuetan, Bizikidetzaren Araudian jaso beharrekoak.

3) Prozedura adostuaren bidez tramitatzeko aukera ohiko prozedura hasteko dokumentuan jasoko da. Dokumentu horretan interesdunei bilera bat egitea proposatuko zaie, behar den deialdiaren bidez.

4) Bilera hori ikastetxeko Zuzendaritzarekin izanen da eta helburua izanen da prozedura adostuaren abantailak azaltzea. Bilera horrexetan, ikasleak edo haren gurasoek erabakiko dute prozedura adostua onartu edo baztertzen duten.

5) Bilerara agertzen ez badira edo aukerabide hori baztertzen badute, hezkuntza neurriaren aplikazioaren tramitazioa ohiko prozeduraren bidez eginen da, eta ohiko prozedura zehazten duen atal horren 7. puntutik aurrera adierazitako epeen kontaketa hasiko da. Horrelakoetan, alegazioak aurkezteko eta instruktorea errefusatzeko epea bilera egiteko finkatutako egunaren biharamunetik hasiko da.

6) Prozedura adostua tramitatzeko modua eta prozeduran parte hartzen duten alderdiak ikastetxe bakoitzak erabakiko ditu bere Bizikidetzaren Araudian. Nolanahi ere, aplikatzen den neurria arinagoa izanen da prozedura hasteko dokumentuan ezartzen dena baino.

7) Prozedura adostua tramitatuz gero, zuzendaritzak elkarbizitzarako konpromisoa erredaktatu beharko du. Konpromiso horretan, gutxienez, ikaslearen eta gurasoen edo legezko ordezkarien onarpena konpromisoari, aplikatutako hezkuntza neurria eta hura betetzeko baliabideak agertuko dira. Konpromisoa hiru eskola eguneko epean adostu eta sinatu beharko da, bilera egin eta biharamunetik aurrera. Sinadurak bukaera emanen dio prozedura adostuari.

8) Nolanahi ere, prozedura adostuaren bidezko tramitazioa hogei eskola eguneko epean bukatu beharko da, prozeduraren hasiera jakinarazten denetik hasita. Bestela, prozedura iraungitzat hartuko da.

9) Prozeduraren tramitazioaren bitartean, akordioak porrot egiten badu, ohiko prozeduraren bidez segituko da, eta eta ohiko prozedura zehazten duen atal horren 7. puntutik aurrera adierazitako epeen kontaketa hasiko da. Horrelakoetan, alegazioak aurkeztu eta instruktorea errefusatzeko epea porrota gertatu eta biharamunetik hasiko da.

Dokumentazioa artxibatzea

1) Elkarbizitzarako bereziki kaltegarriak diren portaerak direla eta, ikasleei hezkuntza neurriak aplikatzeko irekitzen zaizkien prozeduren tramitazioaldiko dokumentazioa ikastetxeek ezartzen duten euskarrian eta prozedurari jarraikiz artxibatuko da.

2) Hautsitako arauak eta aplikatutako hezkuntza neurriak erregistroetatik desagertuko dira neurria betetzen denetik bi urte bete ondoren.